XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskola berriaren apostua

Bere eskola eredua guztiori ezartzeaz hain arduratuta dagoen Buesaren azken aurkikuntza hauxe izan da:

Eskolaren kalitatea da garrantzizkoa eta ez euskaraz ala erdaraz ikastea edo irakastea.

Beraz, kalitatea, gauza objetiboa nonbait, erabili nahi du euskara zalantzatan jartzeko, euskal nortasun eta euskararen aldekoak fanatiko hutsak izaki edozer onartzen baitugu, euskaraz bada.

Egun despistatuenak ere bi hizkuntza ofizial daudela onartzen duenean.

Izan ote daiteke kalitatezkoa hizkuntza ofizial bat, euskara, ikastea ziurtatzen ez duen Hezkuntz Sistema?

Gure herrian, zoritxarrez, euskaltzaleok frogatu behar izan dugu kanpotik ezarri zaizkigun hizkuntza, kultura, nortasuna eta eskola ereduari aurre egiteko gai garela.

Euskal Herriak dituen behar izanei hurbil hurbiletik erantzuteko euskal irakaskuntzak dirua, lana, legez kanpoko babesa eta abarrez gain kalitatea eskaini du noski.

Bide laburra egiten dute itxura baino saltzen ez dutenek.

Euskal irakaskuntza, Eskoletako euskal lerroak eta ikastolak, erabat lotuta egon da bai pedagogi arloan bultzaturiko berrikuntza aipagarrienekin bai ikastetxe proiektu eraginkorrenekin; herri honen beharrizanentzako garapen propio bat bilatu izan baitute eten gabe.

Orain inork ez du zalantzan jartzen ikastetxearen nortasun eta autonomia erabakiorrak direla kalitatezko garapen propio hori lortzeko eta berrikuntzak bultzatzeko.

Errealitate horretatik at, Buesak bultzatu nahi omen dituen berrikuntza eta kalitatea, itxura aldatuz dena berdin mantentzeko egokitze bat besterik ez dira.

LOGSEk ezarritako berrikuntza formalak soilik -eskolatze adina, asignatura bat gehiago edo gutxiago, OHOren ordez lehen hezkuntza deitu...-, gauzatuko dira, legeek ez dute jadanik frogaturik eta praktikan dagoena garatuko.

Hizkuntz ereduak mantenduko dira.

Irakaslegoaren perfil profesionala eta funtzionarialak lehengoan darrai, ikastetxe publikoek eskean aritzeko autonomia baino ez dute izango...

Gaur egun erantzun egokia ematen ez duen Hezkuntza eredu administratibista batekin jarraituko dugu, hezkuntz Sistemaren ardatza izan behar lukeen Eskola Publiko Berria diseinatu beharrean.

Normalizatu Estatu espainiarraren erara, sare bi egin eta ikastolak desagertarazi eredu berririk eskaini gabe, euskararentzako erasoa...

Hau bada PNVek eskaintzen duen aurrerapausoa, aurrerantzean ere izango dugu zeri ekin.

Irakaskuntzarako itun politikoa sinatu duten alderdiek beraien interes politikoak ipini dituzte beste ezeren aurretik eta aipagarria da benetako arazo eta konfliktoei irtenbideak topatzeko duten ezintasuna.

Azkenaldian obsesio bihurtu zaio Hezkuntza Sailari eta, Avila jaunari bereziki, gehiengo zabal bat lege eta itunarekin ados dagoela aldarrikatzea eta gutxi batzu bakarrik aurka.

Errealitateak hauxe dio aldiz: Irakaskuntza Publikako FAPAS eta Ikastolak aurka daudela, Irakaskuntza publikoko interinoak otsailean hiru eguneko greba egingo dutela, irakaskuntza Pribatuko 92ko lan hitzarmena negoziatzeke dagoela, Sindikatu batzuk ezezko edo abstentzioa eman diotela lege horiei kontsultatuak izan diren batzordeetan.

Hainbeste aipatzen duten Baskongadetako Eskola Kontseiluan 48 kideetatik aldeko botoak 17 baino ez zirela izan hamar kide beraiek zuzenean aukeratuak diren arren.

Avila jauna non dakusazu gehiengoa?

Gorputz dozenteen legeak eta Eskola Publikoaren Legeak ez dute garatzen kalitatezko Eskola Publiko Euskaldun Berria, jadanik gure gizartea exijitzen ari dena eta etorkizuneko apostuei aurre egin ahal izateko: administrazioaren babesa duena baino iniziatiba eta eritzi propioak gauzatzeko aukera duena bai banaka bai talde bezala, berrikuntzetara egokitzeko malgutasuna duena; karga ez baizik motore bihurtzen den eskola, Euskal Herriaren nortasuna babestu eta garatuko duena.

Lege hauekin ez da inola ere Eskola Publikoa Hezkuntz Sistemaren ardatz bihurtuko ezta egungo egoeratik irtengo ere.

Tamalgarria bada ere gerta daiteke Eskola Publikoaren lege txar hau, irakaskuntza pribatuaren mesedetarako izatea.

Aukera berri bat galduko da.

Baskongadetako Hezkuntz Sistema Publikoak lehen bezala jarraituko du aurrerantzean.

Okerrago euskalduntzearen alorrari bagagozkio.

Instituzio eta lege hauen bidez Euskal Hezkuntza Sistema garatzeko aukera bat galtzen ari bada ere, herritarren artean aldiz batzen doaz Eskola Publiko Berriaren aldeko apustua egiten duten taldeak.

Aipagarria da zentzu horretan Sortzen erakundeak hilabetetan Eskola Publiko eta Ikastoletako kideak bildu eta elkarlana bultzatuz talde ezberdinak batzeko eginiko ahalegina.

Esperantzari lehio bat zabaldu zaio, horren ondorioz Denon Artean mogimendua martxan jarri baita.

Konfluentzia eta Eskola Publiko Berria bideratzeko ematen ari diren aurrerapausoekin jarrai dezagun.